XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

3. TESTUAK LANTZEN

EDUKINA ETA FORMA LITERATUR TESTUETAN

Kokapena burutu ondoren, dagoeneko egina dugu literatur testuarekiko lehen hurbilketa.

Hurrengo pausua testuaren edukina eta forma aztertzea izango da.

Testu teknikoen kapituluan esandako zenbait gauzak balio digute honako ere, bai edukinaren aldetik, bai formarenetik ere, planteamendua, oinarriz, berdina bait da.

Hala ere, literatur testuen helburua bestelakoa denez gero (artea, literatura sortzea, funtsean), optika desberdinez begiratu beharko diegu bigarren era honetako testuei, euren mamiaz jabetuko bagara.

Edukinaren azalpena

Edukinari dagozkion zenbait alderdiren ikerpenaz, testuaren mamira hurbiltzea du helburu fase honek.

Honela, argumentua zehaztean testuak funtsean kontatzen duena adieraziko dugu, beti ere gu sintesi horretatik kanpo geldituz (hirugarren pertsona erabiliz, alegia)

Gaia finkatzeak lagun diezaguke testuaren benetako zentzuaz jabetzen; halaber, gai bat baino gehiago ere suerta daitezke, interesgune desberdinak.

Gaia esaldi batek edo hitz bakar batek soilik laburbil dezake.

Interesgarria da, baita, idazleak bere lanean erakusten dituen jarreraz ohartzea.

Egilearen partehartzea maila edo gradu desberdinetakoa izaten denez gero, kontaketan zein pertsonaz aritzen den ikertzea lagungarri gertatzen da: lehen, bigarren edo hirugarren pertsonako kontalaria.

Partehartze maila, era berean, kontalariak istorioan duen protagonismoak markatzen du (protagonista, lekuko, orojakile...)

Eta, azkenik, testuari darion zentzu edo arnasa orokorra tonuan labur daiteke.

Tonua, besteak beste, alaia, iluna, barregarria, kritikoa, ironikoa, garratza, baikorra, ezkorra..., edo hauetako zenbaiten baturak osaturikoa izan daiteke.

Egitura finkatzeak testuko edukinen ordenamendua eta antolakuntza azaltzea dakar, zati edo nukleo eta azpinukleo desberdinak bereiziz eta bai izendatuz ere.

Formaren azalpena

Atal honetako hasieran, zure aztergaiaren forma hutsaren deskribapenetik hasi behar duzu.

Eta puntu honetan poesia ala prosa den, hau da, verso-tan idatzirik dagoen ala ez ohartu behar da.

Prosa izanez gero, bere erritmoa, lanketa eta iruditeria joeragatik poesia gogoratzen badu, prosa poetikoa deituko dugu.